Zuriak mugitzen dira eta irabazten dute
Lehen urratsa ematea funtsezkoa da erakunde baten prebentzio kultura eraldatzeko. Beste batzuk mugitzen hasi arte itxarotea edo norbera mugitzen hastea, gauzak eraldatzeko. Fitxa mugitzeko unea da.
Gogoan dut, txikitan, egunkariko denbora pasetan xake jokaldiak zeudela, ebazteko Sarritan, jokaldiekin batera testu hau zetorren: “Zuriak mugitzen dira, eta irabazten dute”. Gaur egun, denbora pasa hori etorri zait berriro gogora, enpresa batek ezarrita duen segurtasun eta osasuneko estrategia aztertzean eta estrategia horrek zer prebentzio kultura mota duen ikustean.
Prebentzioaren xake partidaren helburuak
Enpresako pertsona guztiok egunero xake partidak jokatzen ditugu laneko segurtasunaren eta osasunaren taulan. Batzuek egunean partida bakarra jokatzen dute; beste batzuek, partida bat bestearen atzetik; eta, beste batzuek, berriz, partida bat baino gehiago aldi berean, erakustaldiko txapelketa bat balitz bezala. Gehienetan denok irabazten dugu partida eta etxera onik itzultzen gara, nekatuta bai, baina onik. Beste batzuetan, partida tauletan amaitzen da: gorabeherarik eta istripurik gabe, baina baita segurtasuna eta osasuna hobetzea lortu gabe ere. Eta noski, batzuetan partida galtzen dugu. Xake-matea.
Estrategia funtsezkoa da
Bai xakean, bai laneko segurtasunean eta osasunean, estrategia funtsezkoa da. Baina estrategia planteatu aurretik, agian berriro aztertu beharko genituzke gure erakundeak laneko segurtasun, osasun eta ongizatearen arloan dituen helburuak (1). Baja eragiten duten istripuak ez gertatzea nahi dugu? Gaixotasun profesionalak saihestu nahi ditugu? Gure kolaboratzaileak pertsona seguruak eta osasuntsuak izatea nahi dugu? Enpresa osasungarritzat har gaitzaten nahi dugu? Baina ez da gauza bera zer nahi dugun, zer nahiko genukeen eta zer behar dugun.
Erakunde askok argi dute prebentzio kultura positiboa garatu behar dutela, segurtasunean eta osasunean emaitza onak lortzeko eta, gainera, emaitza horiek denboran iraunkorrak izan daitezen.
Prebentzio kulturaren eraldaketan buru izatea, xakeko maisuak izan gabe
Sarritan, prebentzio kulturaren diagnostikoa egitera enpresa batera joaten garenean, ikusten dugu pertsona gehienek argi dutela enpresaren prebentzio kultura aldatu behar dela. Hala ere, aldatzeko prest dauden pertsonak oso gutxi izaten dira, eta are gutxiago prebentzio kulturaren aldaketa benetan gidatzeko prest daudenak.
Batzuetan, “aldaketaz” hitz egiten hasi eta nabaritzen dugu gure solaskidearen buruan alarmak pizten direla eta defentsiban jartzen dela. Egia esan, gizakioi ez zaizkigu aldaketak gustatzen. Biologikoki, homeostasiarako prestatuta gaude, eta, psikologikoki, berriz, nahiago dugu gure konfort zonan jarraitu. Baina, aldi berean, baditugu ingurunera eta bizirauteko baldintzetara egokitu ahal izateko baliabideak. Azken finean, moldatu ala hil, ez dago besterik.
Aldaketa handien ordez, interesgarriagoa izan daiteke urrats txiki eginez eraldatzea planteatzen duen estrategia. Gure prebentzio kultura eraldatzen hasteko ez dugu behar inork gidatzea. Ez dugu, ezta ere, xakeko maisu handiak izan behar, fitxa mugitu besterik ez dugu egin behar.
“Zuriekin jolasten” ari garela pentsatzea
Esaerak dioen bezala: mundua aldatu nahi baduzu, aldatu zeure burua. Eman lehen pausoa, ez itxaron besteei. Xakean, fitxa zuriek partida irekitzen dute, lehenak dira mugitzen. Beltzak gero mugitzen dira. Lehen urratsa emateak blokeo egoerak apurtzen ditu. Lehen urratsa ematea eredu da besteentzat. Lehen urratsa emateak erabaki bat hartzen laguntzen die beste batzuei.
Ez da beharrezkoa aldaketa handiekin hastea; proposatu aldaketa positibo txiki bat zure buruari, zeure esku dagoen aldaketa txiki bat. Seguruago lan egiten lagunduko dizun zerbait, zure osasun egoera zaintzen lagunduko dizuna. Inguruan dituzunek ikusteko moduko zerbait. Modu horretan inguruan eragin eta prebentzio kultura eraldatzen utziko duen giroa sortzen lagundu ahal izango duzu.
Ez da Bobby Fischer edo Gary Kasparov izan behar partida honetan irabazle bazina moduan jokatzeko. Denok irabazten dugu, lanetik irtetean sartzean geuden moduan bagaude. Indarrez ahultzen edo borondatea galtzen hasten zarenean, gogoratu: zuriak mugitzen dira, eta irabazten dute.
(1) Prebentzioari lotuta dituzun helburuak eta estrategia berrikusi nahi badituzu, eskura duzu Osartenen orrian gure GARATUZ eredua, laneko segurtasuna, osasuna eta ongizatea garatzeko.
Leave a Reply
Want to join the discussion?Feel free to contribute!